XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirietatik bestetara jendea
Gaiztaginen kontrako kanpaina gogorra Txinan.

Txinako jendea oso goiztiarra da.

Nola goiztiar? Hobeko litzateke esatea ez-gautiar dela: eguzkia mendien gainetik apaldu orduko, guztiak etxera eta lotara.

Arratsaldeko zortziak ezkero ez da txintik entzuten, kalean barrena ibili den jendearen kiretsa eta arnas soinuaren hatsa baizik.

Txinako gobernariek neurri gogorrak hartu dituzte gaiztaginen aurka.

Hor ere, beste nonnahi bezala bada lapurrik, atrakatzailerik, biolatzailerik eta antzekorik.

Iturri diplomatikoetatik heldu diren berrien arauera, azkeneko lau aste hauetan, Pekinen bertan, poliziak hogeita hamar mila pertsona hartu ditu preso eta itzalean sartu.

Horietarik 30 inguru, afusilatuak izan omen dira.

Polizia, bigunegia izan ote den aspaldiko urteetan.

Hori da gobernarien ustea eta kezka.

Orain, poliziak, bildurrik ez duke nornahi ere lepazamarretik gogor estutzeko.

Lehen, inoiz behin gartzelan egon zirenak, berriro poliziaren eskuetara, hau eta beste galdetuz eta kontakatilu guztien atzetik.

Eskaleak, alferrak eta gaiztaginak, bere horretantxe pilatu eta, lanera, Qinghai eta Xinjiang, mendebaleko probintzia urrutietara.

Liu Fuzhi, Seguritateko ministroa gogor mintzatu da, esanez, gaiztagin guztiak legepean hartu behar direla, berorri gogor eta zorrotz aplikatuz.

Beijing izeneko egunkarian datorrenez, erakunde mafioso ugari sortzen ari da Txinan; iraultzaren kontra ari dira guztiak, lanik egin ez eta lapurretan goxo; ez da horien beharrik Txinan.

Gobernariek neurri gogorskoak hartu ote dituzten.

Halaxe diote iturri diplomatikoek.

Nori sinetsi behar zaion, beste konturik da.

Hauen ustez, jende asko afusilatu da: beste zenbait, afusilatzeko asmotan.

Dena dela, azkeneko hilabete hauetan, atraku krimen ugari izan bide da Txinan.

Lehen, labainaz; orain, pistolaz eta metrailetaz baliatuz.

Pistola kontua aipatu delarik, bildurrak janda txinatar jendea! Mendebalean horrelakorik izatea, bego; etxean horren zantzua sumatu dutenean, heiagoraka, ezin sinetsiz.

Noiz arte iraungo du gaiztaginen kontrako kanpainak? Urriaren batean eraiki zen Errepublika.

Ordurarte iraungo ote duen kanpainak.

Alabaina, gaiztaginen erasoa biziagotuko balitz, otsailera arte bere horretan gogor segitzeko asmotan lirateke gobernariak.

Ordea, guztia ez da gogor-kontua.

Pekin hiriko alkateak, larunbatero, hiriko parkeetan dantza publikoa ospatzeko baimena eman du.

Jendeak, dantza etabar, bere sentimenduak eztitzeko plazerra izango omen du, agresibitateari atakak eta leihoak zabalduz.